Aurten Hidalgobason egin da herritarrei zabaldutako zuhaitz landaketa Arrasaten. Aurreko egun euritsuek geldialdi bat eskaini ziguten pasa den sapatuan zuhaitzak landatzera bertaratu ginenoi. Hego haize bikainaz gozatu genuen, baita eguzki izpi batzuez ere.
Udaleko teknikariak eta Naturtzaindiako bolondresek azaldu genuen nolako garrantzitsua eta beharrezkoa den herrian daukagun espazio honetan basa landare eta animalientzat ondo kontserbatutako espazioa lortzea, baita herritarrek naturarekin kontakturako daukagun behar hori asetzeko basoa zaintzea ere.
Naturtzaindiak Hidalgobaso hobetzeko ekintza planaren baitan jasotako neurrietako bat martxan jarri genuen larunbatean. Zehatz esanda, harizti gazte batean bioaniztasuna handitzeko, zuhaitz ale batzuk moztu ziren eta beste bazuk lehortzeko eraztundu egin ziren, horrela, basoentzako horren beharrezkoa den egur hila sortu zen. Ondoren, herritarren laguntzaz basoaren ohianpean landare aniztasuna handitzeko mota askotako zuhaixkak landatu genituen; esate baterako: elorri beltzak, elorri zuriak, gurbitzak, basaerramuak, gorostiak, zuhandorrak, erratzak edota hurritzak.
Familia ugari batu ginen bertan eta goiz pasa atsegina igaro genuen, Udalaren kontura egindako hamaiketako eta guzti.
Ea baso gazte honetan egindako esku hartzeak fruitu politak ematen dituen eta Arrasateko Udalak proiektu honi dagokion lekua eskaintzen jarraitzen duen hurrengo urteetan ere!