Geografia ikuspegitik, Itsasondoko udalerria hiru zatitan banatu dezakegu; beheko ibarra edo kalea, erdibideko baserri auzoak eta goiko mendia. Azkeneko honetan dago naturagunerik nabarmenena, Murumendikoa, Natura Intereseko Eremuen artean izendatutakoa.
Kokapenari begira, herriak dituen 894 hektareatatik, 681 ha (% 76) Euskadiko Korridore Ekologikoetan barneratuta dago, Aralarretik hasi eta Ernio edo Izarraitzeraino beharrezkoa den lotura ekologikoa bideratzen du Murumendik.
Eta aurrekoa gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak eginiko Paisaia Berezien eta Apartekoen Inbentarioan ia udalerri osoa islatzen da.
Ez da harritzekoa, beraz, hainbat habitat interesgarri eta 40tik gora espezie mehatxatuei babeslekua eskaintzea. Habitat hauen artean pagadi azidofiloa da hedatuena eta honek du biodibertsitate maila altuenetakoa.
Beste alde batetik, joan den mendean arbel meategiak izan ziren Itsasondoko industri handiena. Eta beste aztarna batzuekin batera, zulatu zituzten meazulo erraldoiak utzi dizkigute sakabanatuta oinordekotzan. Zulo hauek espezie anitzen babesleku apartak dira orain, hauen artean, mehatxatutako saguzar espezie batzuk.

Hamar urte badira, Udala natur-ondarea babesteko saioekin hasi zela. Balio naturalak aztertuz eta ondarea babesteko eta areagotzeko hainbat ekimen bultzatuz, hala nola, lursailen erosketak eta zaintzailetza akordioak, bertako basoen berreskurapena edota espezie inbaditzaileen aurkako hainbat ekimen.
Naturtzaindiatik ekimen horiek laguntzen hasi gara, bi eremuetan batez ere:
- Entomologia ikerketak.
- Meazuloak eta basoak erabiltzen dituzten saguzar espezieen azterketa.
- Zuhaitz habitaten inbentarioa: hildako egur kopuru handiak eta zuhaitz zaharretan dauden mikrohabitat ugariak dira baso naturalen ezaugarri nagusienetakoak. Hau dela eta Itsasondoko zuhaitz zahar eta handien inbentarioa gauzatzea pauso egoki bat izango da basoak berreskuratzeko.
