Naturtzaindia Elkarteak urteak zaramatza saguzarren ezagutzan ikerketak egiten, teknikari ugariz osaturiko lantalde bat daukagu eta udalerri ezberdinetan saguzarren habitatak hobetzeko proiektuak gauzatzen ari gara. Gaur egun, Gipuzkoako saguzarren atlasa osatzeko lanetan murgildurik gaude.
Gure aurkezpenik hoberena orain gutxi ekoiztu dugun bideo labur honetan aurkitu daiteke.
Ekintzaren helburua
Haur eta helduen artean hain misteriotsuak eta ezezagunak diren saguzarrak ezagutzea, eta ugaztun espezie hauek gure ekosistementzat eta orokorrean gizartearentzat duten garrantziaz kontzientziatzea.



Antolaketa
- Ekintzaren deskribapen orokorra
Ekintzaren barnean bi zati nagusi bereiztu daitezke: erakusketaren aurkezpena eta ondorengo detekzio jardunaldia:
Erakusketa: Bertan, lau panelez osaturiko erakusketa baten bidez, saguzarren inguruko ezagutzak zabaltzeko azalpenak eskainiko dira. Landuko diren edukiak:
- Ezaugarriak
- Bizi-zikloa
- Espezieak
- Gizartearentzat onurak
- Jasaten dituzten mehatxuak
Gainera, saguzarren babes-kutxa eta detekzio gailu ezberdinak bertatik bertara aztertzeko aukera izango da.
Detekzioa: Iluntzea iristearekin batera, partehartzaileek saguzarren deiak entzun ahal izango dituzte ultrasoinu detektagailuak erabiliz. Honek, bertan hegan dabiltzan saguzarren espezieak identifikatzea ahalbidetuko die.
Ekintzaren ezaugarri hauek kontuan hartuz, antolaketarako honako irizpideak hartu behar dira kontuan:
- Data eta ordua
Saguzarren jardunaldiak maiatzetik urrira bitartean arratsaldez egiten dira, beti ere iluntzen hasi aurretik (ordu bete lehenago) hasi behar dira. Saguzarrak entzun nahi baditugu beraien lehen hegaldiak baliatu behar baititugu. Hori kontuan izanda, ilundu aurreko denboran erakusketaz lagundutako azalpenak ematen dira eta behin iluntzea iritsitakoan, detekzio gailuak hartu eta saguzarrak entzuteko ibilbidea hasten da.
- Kokapena
Jardunaldiaren lehen zatian, Naturtzaindiako kideok saguzarren inguruko azalpenak emango ditugu, honenbestez, gune lasai bat (parke edo plaza bat, adibidez) zehaztea gomendatzen dugu.
Handik abiatuta (eta leku berdinera itzultzeko) kilometro inguruko ibilbide bat egingo da jarraian, ultrasoinu bidezko detektagailuak erabiliz.
Hurrengo dokumentu honetan daukazue ekintzaren laburpena. Ekintza honen inguruko informazio gehiago helbide honetan: naturtzaindia.info@gmail.com