Hamarkada bat baino gehiagoko lanaren ondoren, Naturtzaindia Elkarteak Gipuzkoako Saguzarren Atlasa aurkeztu du, lurralde honetako saguzarren banaketari buruzko lehen azterlan sistematiko eta eguneratua. Lan hau oreka ekologikorako ezinbestekoa den ugaztun talde ezezagun honen dibulgazio nahiz kontserbaziorako mugarri bat da.
Atlas hau gabezia historiko bati erantzuteko sortu zen: Gipuzkoan kiropteroen presentzia eta egoerari buruzko ezjakintasun orokorra. 1985ean Euskal Autonomia Erkidegoan egin zen ornodun faunaren lehen inbentarioak ez zuen talde hau aintzat hartu. Habitat Zuzentaraua bezalako europar araudiek eta Natura 2000 Sarearen ezartzeak saguzarrek ezagutza instituzional bat lortzea eragin zuen, hauek kontserbaziorako funtsezko espezie gisa aitortuz.
Beharrizan horri erantzunez, Naturtzaindia Elkarteak —euskal natur ondarea ezagutzen eta babesten diharduen naturalisten elkartea— epe luzeko proiektu bati ekin zion, eta aurkezten ari garen atlas hau lan horren emaitza da. Ezagutza sortzeko diru laguntza deialdien bidez Eusko Jaurlaritzak lanen zati bat finantziatu zuen. Horrela, ikerketa taldea sei urtez Gipuzkoako lurraldeko baso, kobazulo, ibai eta eraikinetan ibili da.

Emaitza Gipuzkoan 25 saguzar-espezieren presentzia dokumentatzen duen kartografia zehatz eta xehatua da (iberiar penintsulan 31 espezie daude guztira). Datu horrek, lurralde hau kiropteroen faunari dagokionez aniztasun handienetakoa dutenen artean kokatzen du.
Azterketa hau punta-puntako metodologia eta teknika tradizionalen konbinazioan oinarritu da; horien artean ultrasoinuen grabazioa (ekokokapena), laino-sare bidezko harrapaketa eta babesleku natural zein artifizialen jarraipena nabarmedu daitezke. Metodologia horiek, modu osagarrian aplikatuta, Gipuzkoa osatzen duten 5×5 km-ko 107 laukietan banatutako informazioa lortzea ahalbidetu dute.
Atlaseko ekarpen garrantzitsuenetako bat lauki bakoitzeko espezie aberastasunaren azterketa da. Guztira 25 espezie identifikatu diren arren, lagindutako laukien %26k soilik erakusten ditu hamar espezie baino gehiago. Horrek banaketa irregularra erakusten du eta habitataren kontserbazio-egoerari buruzko galdera garrantzitsuak planteatzen ditu. Uren banalerroko eremu altuak (Aizkorri-Aralar), Hernio eta Izarraitz bioaniztasun handiagatik nabarmentzen dira; beste batzuk, ordea, presentzia eskasa erakusten dute.
Gipuzkoako Saguzarren Atlasa ez da inbentario zientifiko bat soilik. Kudeaketarako tresna bat eta alerta bat ere bada. Azterketak saguzar guztiak europa-, estatu- eta erkidego-mailako araudien bidez babestuta daudela azpimarratzen du, baina denek ez dute babes-maila berdina, ezta babeserako neurri eraginkorrik ere. Espezie batzuek populazio egonkorrak dituzten bitartean, beste batzuk, gainbehera larrian daude, eta urgentziako neurriak hartzen ez badira, okerrera egin dezakete.
Atlasean aipatzen diren mehatxu nagusien artean hauek daude:
- Gipuzkoako basoen kontserbazio-egoera txarra, basogintza intentsiboaren eta baso helduen gabeziaren ondorioz.
- Nekazaritza eta abeltzaintzan pestiziden eta intsektiziden erabilera, intsektujaleak diren ugaztun hauentzat harrapakin gutxiago izatea eragiten dutelako.
- Kobazuloetan, eraikinetan edo zuhaitzetan dauden babesleku naturalen asaldatzea, sarritan kontrol edo sentsibilizazio falta duten giza jarduerek eraginda.
- Eta gero eta handiagoa den arriskua: parke eolikoen hedapena, zenbait espezieri (batez ere altueran ehizean aritzen direnei, hala nola Nyctalus lasiopterus eta Miniopterus schreibersii) heriotza-tasa handia eragiten diena.
Kezka berezia eragiten du Elgea-Urkilla parke eolikoaren egoerak; izan ere, duela 25 urte Aizkorri mendilerroan martxan jarri zen instalazio honek ez du ingurumen-zaintzarako plan eraginkorrik eta giltzarriak diren babesleku batzuetatik distantzia gutxira dago. Gipuzkoako 14 udalerritan instalazio eoliko berriak aurreikusteak, ingurumen-ebaluazioen protokoloak hobetzeko urgentzia areagotzen du.
Azterketa honetan mehatxu maila handieneko espezieen berreskuratze-plan zehatzen gabeziazere ohartarazten da, nahiz eta honetarako lege-betebeharrak dauden eta saguzarrak Natura 2000 Sareko espazio askotan kontserbazio-elementu nagusiak diren.
Egileen hitzetan, «ezagutzarik eza bere horretan mehatxu larria dela». Horregatik, lan honek dibulgazio eta sentsibilizaziorako tresna ere izan nahi du. Mapa, fitxa deskriptibo eta analisi ulerterrazen bidez, lanak saguzarrak hobeto ezagutu, haiei buruzko aurreiritziak gainditu eta beren garrantzi ekologikoa (intsektu-kontrolatzaile natural eta ingurumenaren bioadierazle gisa) ulertzeko gonbidapena egiten du.
Naturtzaindia Elkarteak herritarrak, erakundeak eta lurraldearen kudeatzaileak saguzarren babesarekin konprometitzera animatzen ditu. Egileen esanetan, «argia itzali eta enarak lotara joaten direnean, langile nekaezinez osatutako askotariko talde bat lanean arituko da eltxoek gehiegi molestatu ez gaitzaten». Hauek ezagutzea, baloratzea eta babestea gure biodibertsitatea babesteko ezinbesteko urratsa da.

