Besaide tontorra (564 m), Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziak elkartzen dituen puntua izateaz gain, sinbolismo handiko gunea da, mendian hildako mendizaleak oroitzeko monumentua bertan daukagulako.
Besaideko eremua oso ezaguna da eta mendizale asko gerturatzen dira inguruaz gozatzera, ibilbide erreza bezain atsegina baita. Bertatik igarotzen dira Udala-Besaide (PR-GI-96) eta Gipuzkoako Bira (GR-121).
Besaideraino erraz igo daiteke ibilgailuz, Elorriotik ongi seinaleztutako bide bat baitago; Arrasateko Garagartza auzotik ere igo daiteke, 4 x 4 ibilgailuz.
Ibilgailuentzat bertaratzeko erreztasun horrek lagunduta, motordun ibilgailuen areagotzeak eta jarduera horren erregulazio faltak ekarri du azkenaldiko egoera tamalgarria izatea Besaide mendi tontorraren inguruan.
Mendiko motorrak, 4 x 4 ibilgailuak, quad-ak etab. jolas parke bat balitz bezala erabiltzen dute bi monumentuen arteko eremua, horrek dakarren inguruaren degradazioarekin: lurzoruaren erosioa, pista berrien zabaltzea, lurzoruan gurpil arrastoak uztea, zuloak, paisaia zatartzea, etab.
Kasurik lotsagarriena 2018ko otsailean gertatutakoa izan da, non ezezagun batzuek auto bat bertaraino igo zuten eta han bertan su eman zioten. Horren ostean, hori gutxi balitz, goiko monumenturaino igotzen ere saiatu dira.
Besaide Mendizale Elkarteak buelta bat eman nahi dio egoera honi eta hortan lagunduko diogu Naturtzaindia Elkarteak. Euskal Herriko Mendi Federazioarenak diren inguruko lursailetan ingurumena hobetzeko eta paisaiaz gozatzeko jarduerak planteatuko ditugu, bide batez, ibilgailuen arazoari konponbidea emateko asmoz.