PINUAREN GAITZAREN AURREAN ZER?

Gure lurraldean banda marroia gaitza zabaltzen ari dela eta kezka handia sortu da, ez bakarrik baso jabeen artean, gizarte osoan baizik. Hori ikusita, Besaide Mendizale Elkarteak eta Naturtzaindia Elkarteak gure basoen egoeraz eta etorkizunaz hausnartzeko berbaldia antolatu zuten. 

Gonbidatuak izan ziren Kiko Alvarez, Biologian Doktorea (Naturtzaindia), Aitziber Sarobe, Biologian Doktorea (Naturkon) eta Naiara Corcuera, Ingurumen Zientzietan Lizentziatua (Besaide M.E.).

-Kiko, zer ari zaie gertatzen Euskal Herriko pinuei eta zerk ekarri gaitu horretara?

Ez da erantzun erraza, baina, nire ustez, orain bizi duguna da baso kudeaketa eredu baten garapenaren ondorioa, gure administrazio publikoek sustatu eta diruz lagundu dutena eta, gainera, jasangaitza dela frogatu dena ekonomikoki, baita ingurumen aldetik ere.

Eredu hau radiata pinuaren monolaborantzan oinarritu da, baso kudeaketa jasangarriaren esparruan saldu nahi izan digutena, baina, gaur egun ikusten ditugun ondorioak ditu: lurzorua agortzea, errentagarritasun ekonomikoa galtzea eta osasun arazoak.

Orain alarma sortu da banda marroiaren arazoa dela eta, baina, nire ustez, arazoa estrukturala da. Hau da, orain gaixotasun hau daukagu, baina, daukagun baso ereduarekin, beste gaixotasun bat izan zitekeen lasai asko. Aurretik ere egon ziren arazoak pinuaren kantzer famatuarekin, Fusarium delako onddoak sortua, prozesionaria ere hor dago oraindik, eta hori gutxi balitz, benetan kezkagarria den har txiki bat datorkigu.

-Pinuen gaitzaren aurrean zer proposatzen du Eusko Jaurlaritzak eta zein iritzi duzu horren aurrean?

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek proposatzen digutena aurrera ihes egitea baino ez da. Koniferoen landaketak berreskuratzeko Estrategia onartu dute, dagokion ekintza planarekin, baina, herritarren parte hartzerik gabe. Eta Inposatutako estrategia honek proposatzen duena da baso sektoreari diru publikoarekin ematen zaion laguntzak handitzea,  pinudiak moztea eta mendiak fumigatzea kupre oxidoekin.

Esan beharra dago, estatuko eta Europako legediaren arabera, debekatua dagoela fitosanitarioak aire bidez fumigatzea, baina, badaude salbuespenak, ondo justifikatu beharrekoak, eta hortan dabiltza Madrilen. Bestalde, 2015ean Europar Batasunean kupre oxidoa erabiltzea debekatu zen eta erabilpenari moratoria aplikatu bazitzaion ere, produktu toxikoa da, oso arriskutsua dena ur ekosistementzat, lurzoruko bizidunentzat eta osasunarentzat; bai inhalazioagatik, kontaktuagatik eta organismoetan metatzen delako eta osasun arazo kronikoak ekar ditzakeelako.

Harrigarria da nola ez duten planteatu eredu hau beste batzuengatik aldatzea, izan ere, frogatuta dago lurjabearentzat ekonomikoki errentagarriagoak izan daitezkeela, onura eta zerbitzu publiko gehiago sortzen dutela herritar guztientzat eta, gainera, klima aldaketaren ondorioak lehuntzen laguntzen digutela.

-Aitziber, pinudiek bizi duten krisialdi hau aukera ona dela iruditzen zaizu, etorkizuneko basogintza eredua eraldatzeko?

Zoritxarrez bai. Baso-kudeaketa okerrak eragindako kolapso baten aurrean gaude. Egoera honek atzera begira jartzea eskatzen du, zer egin nahi zen, zer egin den eta egindakoak zein ondorio izan dituen aztertzeko. Egun paisaiak erakusten diguna ez da urte bateko eguraldi aldaketaren edo bat bateko onddo baten agerpenaren ondorioa: urte askotan gauzatutako politika okerrek eragindako krisia da, ez direlako naturaren kontserbazioa eta ustiapena uztartu. Mendira begiratzeko eta basoaren ustiapena ulertzeko modutik hasi, eta horretarako diseinatu beharreko politikak aldatu behar dira. Horretarako, eta kontuan izanda lehen sektoreko jarduerak hein handi batean diru-laguntzek baldintzatzen dituztela, baso-politika hau egurraren industriako lobbyetatik atera eta eztabaida publikora ekarri behar da, eragile ezberdinen artean begirada zabalagoarekin kudeatzeko. Honetarako krisi-egoera hau beharrezkoa zen? Ez, baina egin ez delako gauden lekuan.

Nola ustiatu daiteke baso bat naturatik hurbil dagoen basogintza eredua jarraituz?

Hein batean galderan bertan dago erantzuna: naturako zikloak errespetatuz. Zenbat eta gehiago urruntzen garen naturan berezkoak diren gertaeretatik, orduan eta handiagoa da ingurunean egiten dugun kaltea. Monokultiboetan oinarritutako kudeaketa eredu intentsiboa oso oso kaltegarria da lurzoruarentzat ez ezik, baita gurean berezkoa den bioaniztasunarentzat. Makina astunekin eta pista zabalen bidez gauzatzen den eredu industrial hori ia guztiz debekatu beharrekoa da gurea bezalako orografia aldapatsua duen lurraldean. Ustiapen-prozesua diruz laguntzeak (landaketak, baso-garbiketak, pisten irekiera, matarrasa …) eta eragiten den higadura ez ordaintzeak egiten du errentagarri egur merkearen ekoizpenera bideratutako negozio hau. Aldatu behar da, bertako basoaren kontserbazioarekin errespetutsuagoak diren landaketak eta teknikak baliatuz;  nahiz eta horrek egurraren industriaren bilakaera eskatu. Bestelako industrietan berrikuntza eta garapena sustatzen dira; zergatik ez da pentsamendu bera garatzen lehen sektorean natur kontserbazioa helburu hartuta? Posible da, eta herrialde aurreratuagoetan aldaketarako ereduak badaude.

-Eta Naiara, Arrasateko herri lurretan sustatu duzuen kudeaketa azalduko duzu. Nolakoa da Arrasateko basoen egungo egoera?

Arrasateko azaleraren erdia baino gehiago zuhaitzez osatuta dago, baina, esan beharra dago gehienak espezie exotikoez egindako egur landaketak direla, alegia, radiata pinua espeziearekin egindakoak. Hau da, herriaren azaleraren ia erdia landatutako pinudiak dira eta berezkoak diren basoak (hariztia, artadia, erreka ertzeko basoak, etab.) oso eremu lokalizatuetan daude eta beraien azalera udalerriaren %18rabaino ez da mugatzen. Gure herriko baso garrantzitsuena Udalatx magaleko artadia dugu, hariztiek eta erreka ertzeko basoek (haltzadi kantabriarrak,) berriz, oso azalera txikiak okupatzen dituzte eta, gainera, elkarrengandik urrun daude, horrek bioaniztasunean eragin negatiboak dakar .

-Baso politika berri baten alde egin behar dela esaten denean, nola gauzatu daiteke hori Arrasateko Udalaren  lurretan?

Lursail publikoek onura publikoa eman behar dute, hau da, administrazioak zaindu egin behar ditu lursail publikoetan dauden ekosistemak, zerbitzuak ematen dizkigutelako eta denon ongizatean eragiten dutelako: airearen eta uraren garbitzea, lurzoruaren eta bioaniztasunaren kontserbazioa, klimaren erregulazioa, lehengaiak, etab. Zerbitzu horiek bermatzeko modu bakarra berezko basoak berreskuratzea eta kontserbaziora bideratzea da, gure ustez, hori da lursail publikoek izan beharko luketen kudeaketa.

Arrasateko Udalak bere jabetzakoak diren lursailetan eragin dezake batez ere, eta esan daiteke kudeaketa planak kontserbazio ikuspegitik jorratzen dituela Udal honek. Hala ere, Arrasateko Udalak lursail publiko gutxi ditu jabetzan, horregatik, uste dugu lan ildo garrantzitsu bat izan behar dela lursail publikoen azalera handitzen joatea urtetik urtera, lursailak erosiz intereseko natur eremuetan. Lan hauek sustatzen ari gara Besaiden, Naturtzaindia Elkartearen laguntzarekin, eta Etxezarreta lursailaren erosketa edota San Balerioko pinudi zenaren berreskuratzea lan  horren adibide dira.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: