Bergaran izan ginen pasa den astean urmaela egiten Iturriberrin. Auzolanean egindako ekimen honetan lagun izan genituen Kukubasoko eta Mendia Bizirikeko kideak.
Badira urte batzuk Pagola Loidiko eremu honetan bioaniztasunari laguntzeko hainbat ekintza gauzatu direla, herritarren eta Udalaren ekimenez: lursailen erosketa, zuhaitz landaketak, natur ibilbidearen seinalizazioa,… eta orain urmael honekin fauna eta flora talde ezberdinei beste babesleku eta bazkaleku bat eman nahi zaie, horrenbeste eraldatua dagoen ingurune batean eskertuko dutena.
Lan nekezena eskabadorarentzat utzi genuen, zuloa egitea, alegia. Auzolaaren egunean aurkezpena egin, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta lanari ekin genion! Lehenbizi, aurreko egunean egindako euriaren ura zulotik atera genuen baldeak erabilita. Gero, geotextila ezarri genuen azalera guztian, harriek edo sustraiek egin ditzaketen pitzadurak sahiesteko. Ondoren, material pisutsuena jarri genuen, material iragazgaitza, urari eusteko gaitasuna izango duena, eta azkenik, geotextilaren beste geruza bat, goitik etorri daitezkeen erasoek material iragazkaitza zulatu ez dezaten, basurdeen oinatzak, harriak etab. Amaitzeko, perimetro guztian ezarritako material guztia ongi eutsi eta urmaelaren naturalizazioa egin behar, dena lurrarekin estaliz.
Datozen egunetan itxitura jarriko zaio urmaelari buelta guztian bertatik dabiltzan abereak ez daitezen sartu eta ingurunea kaltetu. Orain, naturari utziko diogu bere lana egiten, euriak urmaela beteko du eta poliki poliki animali eta landare ezberdinek kolonizatuko dute natur espazio berri hau. Ondo joan dadila!
